XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maiarrak ez diren irakasleen aldetik traba asko.

- Herrien eta hizkuntzen batasun falta, materialak argitaratzeko zailtasunak.

- Hizkuntza eta kultura maien ezagupen maila eskasa; zail da bikulturtasuna betetzen testurik gehienak itzulpen hutsa direnean.

- Irakasleen gertaketa eta kontzientzia eza; ez da zaila irakasle hauek gaztelera hutsean funtzionatzen ikustea.

- Aurrekontu motza; asko dira eskolarik edota irakaslerik ez duten auzoak, eta dutenetan zaila da oinarrizko hezkuntzako hiru maila baino gehiago ikastea

- Programa honek ez du ume gazteleradun elebakarrekin lan egiten: beraz, elebitasuna eta bikulturtasuna soilik maiar hiztunentzat pentsatu da.

Programa hau martxan dagoen arren, eskolan, gehiengoak aurkitzen duen mundua zeharo arrotza eta bere nortasunaren aurkakoa da.

Egoera hau ulertzeko komenigarria da baldintza ekonomiko sozial eta politikoei begiradatxo bat jotzea.

Ekonomikoki biztanleriaren gehiengo handia (ez bakarrik maiak) miseria gorrian bizi da, hau da, jatekoa lortzeko ere arazoekin.

Honekin batera estatuaren zerbitzuen urritasuna, asko dira osasun zerbitzurik ez dutenak, komunikazio txarrak, urik eta argindarrik eza...

Soldatak gehienetan barregarriak dira.

Askorentzat irtenbide bakarra Mexikora edo EEBBetara aldegitea da.

Sozialki izugarrizko marginazioa.

Mende honen erdi alderarte esklabutza sistema leun batek funtzionatu du, indioei bakarrik eragiten ziena.

Kultura ofizialak antzinako maiak goresten ditu beraien kultura eta handitasunak goraipatuz: oraingoentzat, berriz, mesprezua besterik ez dute (adibidez mestizoen artean batek astakeriaren bat egiten duenean ya te salió el indio bezalakoak esaten zaizkio).

Maiak atzerapenaren adierazle dira, heuren hizkuntza eta ohiturekin; gaztelera berriz, modernotasunarena, jakintzarena, etorkizunarena.

Ez dira asko estudiatzen duten maiak, baina egiten dutenen artean asko dira beraien hizkuntza atzera uzten dutenak, akulturatze fenomenoa arrunta delarik; ikasi duenak ahaleginak egingo ditu bere superioritatea agertzeko, gehien bat gaztelera erabiliz.

Hizkuntza praktikoa gaztelera da (ikasteko, lana aurkitzeko, edozein zerbitzu eskuratzeko...), gainerakoek komunitate barneko harremanetarako balio dutelarik ia soilik; beraz gazteleradunek ez dute beste hizkuntzarik ikasteko beharrik (maiar guneetan ari diren erakundeetako teknikoak ezik; baina gehienek zorioneko trasladoaren zai igarotzen dituzte urteak).

Kultura ofizialak antzinako maiak goresten ditu; oraingoentzat berriz, mesprezua besterik ez dute

Askotan, Guatemalaren garapen eza indioei leporatzen zaie, nahiz eta hauek historian zehar eskulan merke iturri agorkaitza izan, eta beste herrialde elebakar asko egon egoera berean.

Politikoki, berriz, gauzak ez daude hobeto.

Larogeigarren hamarkadan herri mugimenduen gorakada zela eta, izugarria izan zen errepresioa, ejertzitoak hilketa handiak egin zituelarik estatu osoan eta batez ere herrialde maietan.

Gaur egun bizi-bizirik daude guztien buruetan urte latz haiek, kontrol militarra eta ideologikoa itogarriak dira, eta astero baldintza susmagarrietan hiltzen direnak larregi dira ofizialki aldarrikatzen den demokrazia eta bake borondatea sinesgarri gerta daitezen.

Egoera honetan edozein herri mugimendu berehalaxe izaten da zanpatua modurik basatienean, jendearen beldurra eta mesfidantza areagotuz.

Hala ere, bada jende erreibindikatiboa ere, gehienak hezkuntzan ari direnak, eta hizkuntz kontzientzia bizi-bizirik dutenak.